top of page

ezagutu ezazu hobeto...

18 urte ditut eta prozesu industrialetako tekoteknologien ikaslea naiz Mondragon unibertsitatean. Dantzaz gain, musikarako ere zaletasun handia daukat eta txistua, dultzaina eta atabala jotzen ditut. Nahiko polibalentea naiz beraz taldean eta honek, dantzari eta musikarien arteko tirabirak sortzen ditu batzuetan, musikari falta dagoenean batez ere.

Xanti Nazabal

Noiz eta zergatik hasi zinen Udaberrin dantzan?

Udaberrin hasi aurretik, Berastegiko Belauntxingo dantza taldean eman nituen nire lehen dantza pausoak, aita bertako irakaslea baitzen. Udaberrin bospasei urterekin hasiko nintzen seguru aski. Dantzan hasteko motiboa berriz, familiaren eragina izan dela uste dut gehienbat, izan ere, nire familiak Udaberrirekin, eta orokorrean, dantzarekin lotura estua izan du. Ondorioz, esan daiteke jaio nintzenetik dantzaz inguratuta bizi izan naizela.

 

Nazabaldarra izanik, zer sentiarazten dizu zure familiak Udaberrin izan duen tradizioari zure belaunaldiarekin eutsiz?

Harro egoteko modukoa da, eta ez Nazabaldarra izateagatik soilik, izan ere, gure bigarren abizena Urruzola da eta egia esan, Urruzolatarrak Nazabaldarrak baino lehenagotik izan dira Udaberriko kide. Gure aitona den Ramon Urruzola, taldea sortu zenean lehenengotariko txistularia izan zen.

 

Zein da gehien gustatzen zaizun dantza? Eta plaza?

Niri dantza guztiak dantzatzea gustatzen zait. Izugarri bizi ditut bai dantza eta baita musika ere, baina asko gozatzen dut adibidez Berastegiko San Joan dantzekin edota Otsagabiako dantzekin, duten bizitasunarengatik. Azken hauek asko gustatzen zaizkit bai dantza aldetik eta baita musika aldetik duten xarma dela eta. Hala ere, Tolosarra naizen aldetik, oso berezia da San Joanetan dantzatu ohi dugun bordon dantza eta baita San Joan bezperako Santa Maria plazako emanaldia ere.

Euskal dantzaz aparte arrauna egiten duzula esan digute. Zein duzu nahiago?

Tolosaldeko Arraun Klubean aritu naiz azkeneko urteetan patroi. Asko disfrutatu dut arraunean, baina azkenean, uzteko ordua iritsi zait dantzak baino konpromiso handiagoa eskatzen duelako. Hala ere, bietako bat aukeratu beharko banu, momentu honetan dantza aukeratuko nuke, bizitza guztia baitaramat dantzan.

Kontatu Udaberrirekin izan duzun anekdotaren bat...

Oraindik, bi urte eskas daramatzat taldean, eta gutxi dirudien arren izan dut anekdotaren bat edo beste (honexek adierazten du zein berezia den talde hau). Esaterako, Hungariarako bidaian gertatu zen anekdota bat taldeko broma askoren eragilea izan da. Zagreben esnatu gineneko hartaz ari naiz. Sekulako pixagurea genuen eta geltokiko komunetan sartu ginen bi aldiz pentsatu gabe Aitor Agirresarobe, Iñigo Irurzun eta ni. Kontua da komun hartan pixa egiteagatik “tri kuna!” ordaindu behar zirela komuneko zaindariak oihukatzen zigun bezala. Buruan sekulako kolpea zuen zaindariak eta oihukatu bakarrik ez, hor hartu gintuen lepazamarretik esnatu berritan zer egin ez genekiela geunden bitartean. Indar erakusketa hori gutxi ez eta hor bidali zituen beste biak diru bila autobusera ni “bahituta”. Azkenean, pena eman genion eta ordaindu gabe alde egiten utzi zigun. Hala ere, okerrena da “tri kuna” 40 zentimo besterik ez direla!! Jajaja. Gertaera honek broma ugari eragin zituen taldekideen artean.

Zer da Udaberri zuretzat?

Udaberri urregorri tolosar ikurra, herriaren poz eta zorion gailurra” Angel Mari Peñagarikanok ezin hobeto deskribatu zuen Udaberri. Niretzako berriz, udaberritar naizen aldetik, plazer handia da euskal kultura sustraietatik zabaltzea Udaberri bezalako talde giro eta lagun artean. Nire bizitzaren parte handia hartzen du Udaberrik emanaldi eta entseguez gain, bestelako konpromisoak ere eskatzen dituelako eta gustu handiz egiten dut hau dena. Gainera, neurri batean ere esan dezaket Udaberriri esker bizi naizela, izan ere, gure gurasoek Udaberrin ezagutu zuten elkar! Jajaja.

Nola ikusten duzu Udaberriren etorkizuna?

Oso etorkizun baikorra eta oparoa ikusten diot taldeari. Ikusi besterik ez dago azken urteetan taldeak izan duen gorakada partaide eta emanaldi aldetik. Honetaz gain, ziur nago jende ugari dagoela dantza barruan gorderik duena eta ateratzeak lotsa ematen diona. Beraz, jende hori guztia animatuko nuke lotsak alde batera utzi eta barruan duten dantza kanpora ateratzera, gainera Udaberrik berak horretarako aukera paregabea eskaintzen du antolatzen dituen ikastaroen bidez!

 

  • Wix Facebook page
  • c-flickr
  • c-vimeo
  • c-tbird
bottom of page