ezagutu ezazu hobeto...

Xabier Artola naiz, 18 urteko irurarra. Artearekin erlazionatutako jarduerak egin izan ditut txikitatik, musika, pianoa eta euskal dantza batik bat, eta aurten, ildo beretik, arkitektura ikasketak egiten hasi naiz Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan. Azken urteetan, kargu desberdin asko bete ditut Udaberrin, hala nola, AHH (artxiboa, historia eta hedapena), jantzien ardura eta aurten ikastaroen ardura. Aisiari dagokionez, asko gustatzen zait lagunekin egotea (oso gutxitan ikusten ditudan arren), parrandara ateratzea (nahiz eta ikasketek asko ez lagundu), eta nola ez, bidaiatzea. Esan genezake, dantza talde batean egotearen alderdi postiboetako bat bidaiatzea dela. Beraz, gurean bezalako giro onean bidaiatu nahi baduzue, hasi oinak astintzen!
Xabier Artola
Dantzan txikitatik ibilitakoa zara Irurako dantza taldean, txikitako zein oroimen duzu? Nolakoa izan zen zure hasiera?
Iruran haurrak ginenean, denok izena ematen genuen herriko dantza ikastaroetan. Ni bi urterekin hasi nintzen dantzan, baina ez pentsa dohain berezirik nuenik, denok hasten ginen adin horrekin jajajaja. Amak dio gustura joaten nintzela, nahiz eta tarteka entsegura joateko gogo falta izaten nuen eta nire egoskorkeria zela medio, amak ez zuen lortzen ni dantzara eramatea. Beste oroitzapen bat, behin herriko plazan bi urterekin dantzan ari nintzenekoa da. Zelaia txistulariak, txistua jotzeari utzi behar izan zion nire dantzarako intentzioak eragindako barreguragatik (intentzioa esango dugu, ez bainekien dantza askorik oraindik jejeje), eskerrak Letamendia ondoan zegoela eta jarraitzeko gaitasuna izan zuela.
Hasierako hariari helduz, haur hezkuntzan geundenean, orain gutxira arte Irurako alkate izan den Marimirekin ikasten genituen lehen dantza pausoak (oraindik ere horretan darrai Marimik). Ondoren, lehen hezkuntzan hasten ginenean irakaslez aldatzen genuen. Nagore Imaz izan nuen irakasle, luzaroan Udaberriko dantzari finetako bat izandakoa eta oso irakasle ona gainera.
Iruratik Tolosako Udaberri dantza taldera salto egin zenuen, zein izan zen arrazoia?
Ez dakit zein izan zen arrazoi zehatza. 12 urte nituen orduan eta ez nekien dantzarekin jarraitu nahi nuenik ere. Jakin badakit eta gogoan dut gainera, Nagorek animatzen ninduela Udaberrira joateko esanaz eta baita nire aurretik joan ziren irurarrek eta arrebak ere. Baina ezetz esaten nien, ez bainuen bakarrik joan nahi. Ez nekien norekin topatuko nintzen. Gainera, entzuna nuen Jose Luis Vallejo nolakoa zen eta beldur pixka bat ematen zidan Udaberrira joateak.
2008ko uda amaieran, ikasturte berria hastera zihoala, berriz ere proposatu zidaten eta ez dakit zergatik, baiezkoa eman nuen. Beraz, eskerrak ematea tokatzen zait Nagoreri, berari esker bainago Udaberrin, eta oso gustura gainera. Erabakia hartu nuen eta ez naiz sekula damutuko. Ordutik, hemen nabil taldean oinak astintzen eta luzerako oraingoz behintzat. Asko ematen dit Udaberrik, eta dudarik gabe merezi du talde honetako partaide izateak! Gora Udaberri eta udaberritatarrak!
Zein da gehien gustatzen zaizun dantza? Eta plaza?
Momentu honetan behintzat, fandangoa eta arin arina dudarik gabe. Orokorrean, esfortzu fisikoa eskatzen duten dantzak gustatzen zaizkit, Zuberoako maskarada, Gipuzkoako zenbait dantza, Otsagiko dantzak… Hala ere, momentuaren arabera dantza batzuk nahiago ditut besteak baino. Nori ez zaio gustatzen festetako erromerietan Lantzeko inatuerietako dantzak egitea edota sueltoan dantzatzea? Niri izugarri!
Plaza bat aukeratu beharko banu, hain irurarra naizen aldetik, Irurakoa aukeratuko nuke (plaza erdiko zuhaitza zegoen garaian jejeje), bertan San Migeletan egoten den giroa eta gazte egunean zuhaitzaren inguruan egiten dugun soka dantzak ez baitu parekorik. Hala ere, San Joan egunean eta bezperan Tolosako Santa Maria plazak duen xarma ere azpimarratzekoa da.
Txapelketako fandango eta arin-arina dantzatzen taldeko “number one” zara zentzu guztietan...
Ez dakit “number one” naizen ala ez, baina momentu honetan nahiko buru-belarri nabil dantza hauek fintzen eta txukuntzen, eta asko ikasten ari naiz gainera. Beti gustatu izan zait sueltoa, desberdina da beste dantzekin alderatuta. Beste batzuek ez dituzten grazia, alaitasuna, bizitasuna eta indarra ditu, gozatu egiten dut!
Gainera, esan izan dut, noiz edo noiz probatu behar nuela sueltoko txapelketaren bat. Hala, pasa den urte bukaeran, Vallejok sueltoko txapelketetarako prestatzen hastea proposatu zidan, eta ez nuen bi aldiz pentsatu baiezkoa emateko garaian, erronka berri baten hasiera zen niretzat. Hala ere, proposatu zidanean bikotea bilatu behar nuen eta Idoia Besadarekin egin nuen kontaktua, Vallejo beraren laguntzaz. Aitortu beharra daukat, beldur apur bat ematen zidala berarekin dantzan hasteak, izan ere, Idoia txiki-txikitatik sueltoko txapelketetan dantza egiten aritua da eta hori gutxi balitz, Euskal Herriko txapelduna birritan. Beraz, esan daiteke dantza-bikote ezin hobea dela niretzat. Baina, horrek sortzen duen presioa ere ez da txikia, maila ona eman behar baita!
Zorionez, ez gabiltza gaizki, Estibalizen ospatu berri den Arabako txapelketan lehen postua lortu baitugu! Orain, lanean jarraitzea tokatzen zaigu, ez baita erraza izango emandako mailari eustea eta ahal bada hobetzea. Zorionez, Vallejoren laguntza badaukagu, eta nola ahaztu taldekide guztiek eta familiak ematen diguten babesa ere.
Dantzari izateaz gain, udaberriko ikastaroetako arduradunetako bat ere bazara, zer moduz ardura berria?
Bai hala da. Ikastaroetako arduradunetako bat izateak dena oso eguneratuta eramatea eskatzen du. Niretzat horixe da zailena. Aurten, esan bezala, unibertsitatean hasi berri naiz, ahalegin handia eta denbora asko eskatzen dit horrek, eta batzuetan oso zaila da ikastaroetarako denbora ateratzea. Eskerrak Iratik oso eguneratuta eramaten duela dena eta ikastaroetako gainerako arduradunak martxan jartzeko pazientzia eta fundamentua dituela. Horrez gain, taldekide guztiek dantza irakasten, eta dantzari txikiak eta Leidorreko emanaldia bezalako ekitaldi
garrantzitsuak prestatzen egiten duten ahalegina azpimarratzekoa da, bestela, ezinezkoa litzateke hau guztia aurrera ateratzea. Hala ere, ahalegin horrek merezi duela uste dut. Udaberriko ikastaroetan dago, Udaberrik aurrera jarraitzeko gakoa neurri handi batean. Orain arte, Udaberrik ia sei hamarkada luzetan bildu dituen musika eta dantzak belaunaldiz belaunaldi transmititu eta jaso ditugun bezala, guk ere jarrera berarekin jarraituko dugu eta espero dugu ondorengo belaunaldiek ere berdin jarraitzea.
Eta ikasle gazteei ikastaroak ematen?
Ondo moldatzen naizela uste dut. Tolosan, ikasle talde bat daukat eta Iruran berriz hiru, azken hauek Olaiarekin eta Marimirekin batera. Beraz, esan daiteke Nagoreren postua betetzen dudala orain (Olaiarekin batera), eta espero dut hemendik urte batzuetara nire ikasleren batek nire postua betetzea Iruran. Aitortu beharra daukat oso gustura aritzen naizela dantza irakasten, nahiz eta batzuetan denbora asko hartzen didan. Hala ere, ez dela erraza esango nuke. Arlo guztietan bezala, batzuek erraztasun handiagoa dute besteek baino, kasu honetan pausoak ikasteko garaian, eta batzuetan kosta egiten da oreka moduko bat aurkitzea taldeak ondo funtziona dezan. Argi daukat, taldean giro ona egotea ezinbestekoa dela, eta hori gure helduen taldetik ikasi dudan zerbait da, askoz ere hobeto funtzionatzen baita.
Dantzan aurrera begira erronka bereziren bat ba al duzu epe motzean? Eta epe luzean?
Oraingoz behintzat sueltoko txapelketekin badut erronka nahikoa. Ea hasitako zorte berarekin jarraitzen dugun! Nola ez, gustatuko litzaidake Seguran ospatzen den Euskal Herriko txapelketan podiumera igotzea behintzat. Hala ere, ez dakit maila nahikoa izango dudan horretara heltzeko. Saiatu, saiatuko gara! Epe luzean, oraingoz behintzat ez dut beste erronka berezirik. Erronka berriak agertzen joaten badira, onartuko ditut ahal dudan neurrian. Hala ere, oraingoz erronkarik handiena ikasketak ateratzea izango da, ez baita erraza izango!