top of page

ezagutu ezazu hobeto...

Onintze Hartsuaga

Onintze Hartsuaga naiz, 27 urteko tolosarra. Duela 6 urte amaitu nituen ikasketak eta erizain gisa lan egiten dut Asuncion klinikan. Gainera, taldekideen erizain partikular lanak ere egitea tokatzen zait noizean behin, Maitane eta Itsasorekin batera.

Zer da zuretzat Udaberri?

Galdera potoloa. Bizitzarako eta lanerako eskola bat izan dela esango nuke, bertan ikasi baititut hainbat eta hainbat gauza. Bertan hartu nituen lehenengo ardura eta erantzukizunak, bertan egin nituen lehen bilerak, bertan antolatu lehen ekintzak. Udaberrik erakutsi dizkit gaur egun ezagutzen ditudan gauzetako asko.

Horrez gain, gure dantzak nahiz kultura ezagutu eta zabaltzeko aukera eman dit bai Euskal Herrian eta baita hemendik kanpo ere.

Noiz eta zergatik hasi zinen Udaberrin dantzan? Nolakoa izan zen sarrera?

Txikitan Gazteluko dantza taldean aritzen nintzen ahizparekin batera. Hango dantza saioak ordea 6 urterekin baztertu nituen betidanik gustatu izan zaidan futbolak erakarrita. 16 urterekin, Udaberrik Oinkari eta Alurr dantza taldeekin Beotibar pilotalekuan eskaini zuen emanaldi bat ikustera joan nintzen, hainbat lagunek parte hartu baitzuten bertan. Emozionatuta atera nintzen bertatik eta zera esan nion nere buruari: "Onintze, zuk ere dantza hasi behar duzu!". Esan eta egin!

Sarrera, berriz, ez zen oso gozoa izan. Ez zegoen helduentzako ikastarorik eta ezta taldekiderik ere konpromiso hori hartzeko prest. Beraz, dantza asko, dantzarien atzean jarri eta beraiei begira ikasi nituen. Horrela 2-3 hilabete neramatzala, Vallejok bakarka hartu ninduen eta hala ikasi nituen gainerako dantzak.

Dantza bat. Doinu bat. Plaza bat. Zergatik?

Dantza: Eltziegoko dantzak, eszenatoki batean taldekideekin gehien gozarazi didan dantza sorta delako.

Doinua: fandango eta arin-arina, egun okerrenetan ere dantzarako gogoa sortzen didatelako.

Plaza: Beotibar pilotalekua, dantzan hasteko arrazoia izan zelako eta baita Udaberrirekin eskaini nuen lehen emanaldia ere.

Taldeko kide zaharrenetakoa izanda, zer kendu eta zer eman dizu UDaberrik urte hauetan guztietan? Nola ikusten duzu taldearen etorkizuna?

Hainbeste urtetan gauza asko kendu eta eman dizkidala esan beharko nuke, eman didanarekin gehiago gogoratzen banaiz ere.

Kendu dizkit lo orduak, deskantsu egunak, ikasteko orduak...

Eman, berriz, baloreak, ezagutzak, ardurak, bidaiak, barreak, negar saioren bate edo beste, afariak, dantza saioak eszenatokian eta eszenatokitik kanpo... baina guztia hitz batean borobildu behar banu, Udaberrik LAGUNAK eman dizkidala esango nuke, taldea utzitakoan ere nire bizitzaren parte izango diren LAGUNAK.

Artutxatarrekin batera, Hartsuagatarrok ere taldean estatu kolpea emateko asmoa al duzue noizbait?

Jajajaja!!! Egia esan, aita taldean sartzea bakarrik falta zaigu. Irati hasi zen lehenik eta ondoren etorri ginen Eneko eta biok. Esan beharra daukat, gehiago egoten garela elkarrekin Udaberriko planetan etxean baino, beraz, oraingoan ere eskerrak eman behakor dizkiogu taldeari familia elkartuta mantentzeagatik, jeje!!

Dantzaria izateaz gain, baduzu bestelako ardurarik taldean. Zer iruditzen zaizu horrelako talde batek sail desberdinak izatea bere egituraren barruan?

Taldearen funtzionamendurako eta etorkizunerako beharrezkoa dela iruditzen zait. Alferrik ariko dira 4-5 lagun lanean horiek taldea utzitakoan gainontzekoek ez badakite nondik hasi ere. Gainera, lanak denon artean banatuta errazago egiten dira eta fruituak datozenean guztiok gozatzen ditugu elkarrekin.

Horrez gain, koordinatzaile izandakoa zara. Zer nolako ikasturtea izan zen hura?

Ikasturte gogor bezain intenso bat bezala gogoratzen dut. Urteroko lanez gain, lokal berriaren afera gehitu zitzaion. Negoziazio, bilera eta erabakiz beteriko urtea tokatu zitzaidan eta esan beharra daukat momentu txarrak ere pasatu nituela. Hala ere, nire burua hobeto ezagutzeko balio izan zidan eta bizitzarako arma berriak eman zizkidala uste dut.

Orain, gure lokal eraberrituan sartzen naizen bakoitzean ordea, merezi izan zuela ohartzen naiz.

Batzuetan, hala tokatzen delako, ofiziorako dituzun gaitasun eta trebeziak aplikatu behar izaten dituzu taldekideekin. Erraza al da erizaintza eta dantza bateratzea?

Taldekideen erizain partikular lanak egitea ez da batere zaila, nahiz eta batzuetan zer erantzun jakiten ez dudan. Azken bidaietan, nahi baino gehiagotan egin behar izan ditugu erizain lanak eta askotan adarra jo izan diegu taldekideei ez dituztela gure oporrak errespetatzen esanaz.

Lan ordutegiak eta entsegu, emanaldi eta bilerak kudeatzea ordea beste kontu bat da. Erreleboka lan egiten dut eta askotan ezinezkoa egiten zait bi gauzak bateratzea, beraz, trikimailu ugari egin behar izaten ditut toki guztietara iristeko. Hala ere, orain artean nahiko ongi moldatu naiz eta ez ditut zita garrantzitsu asko galdu!

Horretarako, hala ere, koadrilakoak diren bi taldekide badituzu. Hirurak dantzariak, koadrilakoak, eta erizainak.

Halaxe da bai, txiki-txikitatik elkarrekin ibili gara eskolan, koadrilan, unibertsitatean eta gero dantzan eta lanean. Nire amak esango lukeen bezala, "zuek erretiroa ere batera hartuko duzue!!". Beti izan dira garrantzitsu, batez ere, esparru asko jorratu ditugulako elkarrekin. Hemendik aurrera ere hala izango da, ziur nago!

Azkenik, orain duzu unea anekdotaren bat edo beste kontatzeko.

11 urtek anekdota askotarako ematen dute, baina gehienak nire taldekideek kontatu dituzte dagoeneko. Hala ere, oraindik kontatu gabeko bat badela uste dut:

Duela bi urte, 2013ko udan, Hungaria aldera egin genuen bidaia. Bertako jaialdian, spa antzeko igerileku batzuetan dantza egitea tokatu zitzaigun lehen egunean. Emanaldia arratsaldeko 15:00etan eskaini behar genuen baina goizetik spa eta igerilekuez gozatzeko aukera eman ziguten antolatzaileek. Baina ez ginen nahi bezain erraz iritsi igerilekura, autobusa aparkatzen ari ginela hondarretan hondoratu baitzitzaigun. Denak autobusetik jaitsi eta ahaleginak egin genituen hura ateratzeko baina ez zegoen modurik. Azkenean, gurekin jaialdian parte hartzen zuten poloniarren autobusak gurea erremolkatu eta sokaz tiraka atera genuen hondar artetik.

  • Wix Facebook page
  • c-flickr
  • c-vimeo
  • c-tbird
bottom of page