ezagutu ezazu hobeto...
Iosu Artutxa

Kaixo ni Josu Artutxa naiz, baina dei zeniezadakete Artutxa soilik, edo Txalupin, edo Txalu, edo Ikatza-txiki, edo Txalupita, Kartutxo, Txipi... Ikusten duzuen moduan, ezizen askoko mutila nauzue. Dagoeneko 19 urte ditut, eta nire ama hizkuntza ikaragarri maite dut, nahiz eta itxuragatik bada ere, arabiar hizkuntza ere menderatzen dudala esan dezakedan. الهدوء، بل هو كذب. (Lasai, gezurra da). Edozein kirol ikustea, kirola egitea, bertsoak entzutea (eta ahal denean egitea), euskal musika etengabe entzutea, musika jotzea (perkusioa, txirula, armonika, gitarra…), bidaiatzea, egunkariak irakurtzea… afizio ugariko gaztea naizela esan dezaket. Orain amaitu berri dut lau urtetan egitea espero dudan Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko lehen ikasturtea Mondragon unibertsitatearen Aretxabaletako fakultatean, eta ildo beretik, nire ibilbide profesionalari dagokionez, kazetari edota erreportari lanak egitea gustatuko litzaidake euskarazko ikus-entzunezko talderen batean. Horrekin lotuta, une honetan Udaberriko irudi eta bideoak egitea eta editatu eta muntatzea da nire ardura, nahiz eta Oinatz Martinez nire lankideak lan gehiago egiten duen.
Noiz sartu zinen Udaberrin? Nolakoa izan zen hasiera?
Nik nire kasuan, ez dut izan Udaberrirako betidaniko loturarik, beste taldekide askok gurasoei esker izan duten bezala. Baina oroitzen naiz, nire arreba Irati taldean txikitatik dantzan hasi zenez, askotan inguratzen nintzela Igarondo igerileku zaharrean zeuden squash kantxetara, bertan aritzen baitziren entseguetan orduko dantzariak, eta beraz, esan dezaket Udaberriren zale sutsua izan naizela txikitatik….jajajaja. Hala ere, niri dagokidanez, taldeko kide berrienetarikoa naiz. 2013ko kurtso amaieran, nire arrebak fanfarre moduko bat osatzeko ideia zegoela eta, beraiekin bidaian joan behar nuela esan zidan. Nora eta Hungariara! Zer eta gustukoen dudan instrumentua jotzera! 17 urte nituen orduan, zahartzaroan ia murgilduta eta horrelako aukerak egunero izaten ez direla ohartuta nenbilen. Ez nuen dudarik egin (nire amak agian bai). Bertan, Lapurdiko dantzak dantzatzeko asmoa zuten dantzariek eta ohiko txistulari banda tradizionalaren ordez, doinu horiek fanfarrearekin jotzeko ideia zuten. Pare bat hilabetetan entsegu ugari egin genituen egun batean osatzea lortu genuen fanfarre berriko kideek. Horrela hasi nintzen Udaberrin musikari moduan, eta hurrengo kurtsoan sartu nintzen taldearen dinamikan, fanfarre horretako ardura hartuz. Hasiera ederra izan zen. Segituan taldeko parte sentitzeko ikaragarrizko erraztasuna sentitu nuen. Esku zabalik hartzen zaituzten kideez osatutako talde gutxi baitaude munduan, eta ohore bat da niretzat horrelako talde baten partaide izatea, eta hori dela eta, nire arrebari eskerrak ematea besterik ez zait geratzen, beragatik izan ez balitz, ez nintzelako orain nagoen lekuan egongo.
Zer da Udaberri zuretzat?
Hitz gutxitan erantzuteko galdera zailegia da. Lehen esan dudan moduan, esku zabalak diren eta guztiari aurre egiteko jaio diren pertsonaz osatutako taldea da hau. Elkarlanean aritzen dena. Etenik gabe, euskal kultura eta historia, dantzaren eta musikaren bitartez aztertu, azaleratu eta hedatzen ari den taldea da Udaberri, beraien dantza emanaldiak ikustea gozamen hutsa baita begientzat. Baina, emanaldiez gain, bilerak, entsegu aurreko nahiz ondorengo hizketaldiak, poteoak, egun pasak, afariak, bidaiak, errege egunaren bezperako lagun ezkutua, erromeriak…ez nuke ukatuko ohiko dantza talde bat ez ezik, lagunen artean bizitzeko modu bat ere badela. Gainera, hau ez da ofizioa inorentzat. Lagun kuadrila gazte baten afiziorako osatutako taldea da. Irabazi
ekonomikoen gainetik, ondo pasatzea, gozatzea eta gozaraztea helburu duen eta helburu horiek betetzen dituen taldea da. Kantuak dioen bezala, karratua den guztia, borobil perfektua bihurtzen dugu atzetik egindako lanari esker. Guzti hau laburtze aldera, nire taldekide Irati Estarbek egindako adierazpenak jarriko ditut aipu moduan, niri behintzat ederrak iruditzen zaizkit deskribapen labur bat egiteko: “Loratutako belaunaldi baten fruitua da”.
Fanfarreko arduradun izandakoa zara. Nola ikusten duzu musika sailaren etorkizuna?
Lehen galderan aipatu bezala, hasi eta berehala, ardura bat ezarri zidaten taldekideek, taldearen dinamikan sartu ahal izateko. Horrela, nire lehen denboraldian, fanfarre eraberrituko arduradun izan nintzen. Egia da, lehen urtea zela, eta agian taldekideek esperantza handiak jarri zituztela musikariongan, baina ez dut uste nire papera ondo bete nuenik. Errepertorio jakin bat izatea eta dantzarien entseguetara joatea ziren helburu nagusiak. Orain behintzat, musika sailaren etorkizuna, ederra bezain oparoa izango dela iruditzen zait. Udako lehen bidaiarako Lapurdiko dantzen musikak ikasi genituen, eta bigarrenean Eltziegoko dantzen doinuak ere menperatzen genituen. Aurtengorako ere agian zerbait berria prestatuko dugu. Egiari zor, gero eta musikari gehiago gara, pixkana-pixkana Azkueren polibalentzia plana ere aurrera doa, eta errepertorioa zabaltzen dihardugu orain. Hori guztia, fanfarrea Iñigo Irurzun bezalako arduradunen esku uzteagatik gertatzen da. Ea noiz hasten den nik errege bezperan oparitutako batuta erabiltzen…jajajajaja.
Zein da euskal dantzako doinuetatik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?
Euskal dantzetako doinuetatik gehien gustatzen zaizkidanak zortzikoak, Eltziegoko dantzetako doinuak (Arbolaren lehen zatia salbu), Larrain-dantza edota Lapurdiko dantzen doinuak dira, baita Zuberoako maskaradakoak ere… egia esan, ez dago gustuko ez dudan doinurik. Badira batzuk, errepikatuegiak direnak, dantzari dantzarenak, Eltziegoko Arbolaren dantzaren doinua, edota Kaxarrankarena esate baterako, baina inolaz ere ezin da esan gustuko ez ditudanik.
Txoritxo batek esan digunez, behin dantzari gisa ere aritutakoa zara. Zer moduz moldatu zinen?
Bai, pasa den urteko maiatzean Donibane Lohitzunen egin genuen emanaldian lehen aldiz “dantza” egiteko esan zidan J. L. Vallejok. Aste horretako entseguetan, ezpata dantza egin behar zela buruan sartu zitzaion, nahiz eta mutil kopurua eskasa izan. Hiru falta zitzaizkion hutsuneak betetzeko, eta taldekide ohiei eskatu zien laguntza, Juanjo eta Andoniri. Azken hutsunea betetzeko hautagaia Aitor Jauregi zen, baina oker ez banago, azterketak tarteko ezin izan zuen emanaldira joan. Ni, berriz, azken entsegura joan nintzen musikariei laguntzeko asmotan, baina azkenean, Vallejo mutil bat falta zela konturatu zenerako, ezpata indarrez heltzen ari nintzen gainontzekoen begiradapean. Argi geratu zitzaidan zein zen helburu nagusia: posizioa mantentzea. Eta helburua beteta, Donibanetik esperientzia ederra bizita itzuli nintzen. Hala ere, nirea ez da dantza egitea, eta argi daukat kamerari distira ateratzen jarraitu beharko dudala. Aitortu behar dut, behin dantzan hasita, bordoi bat heltzeaz gain, zerbait gehiago egiteko gogoa sartu zitzaidala. Izan ere, urte hartan hasia nintzen Joxeren “astearteko plaza-dantza klaseetan” ikasle baldar moduan Xantiren laguntzari esker. Eta, esan beharra daukat, oraindik betetzeko dudala Udaberriren emanaldi batean, Azkok esango lukeen moduan, titular izateko ametsa.
Kontaiguzu orain arte Udaberrin izan duzun anekdotaren bat.
Dantzari moduan bizitako lehen esperientzia eder horrekin du lotura anekdota honek. Dantza egiten nuen lehen aldia zen, baina gainera ezpata dantza egin behar nuenez, lehen aldiz jantzi behar nuen zuri-gorriz. Alkandora eta galtzekin ez nuen arazorik izan, baina jantzien arduradunak borlak eman zizkidanean, egun hartara arte izan gabeko zalantza eta kezka guztiak etorri zitzaizkidan. Nola jantzi behar ziren? Nola lotu? Galtzen gainetik edo azpitik? Orduko taldekideei galdetzeak lotsa handia ematen zidan, eta gehiago, arrebari galdetzeak. Baina orduan azaldu zen nire salbatzailea: Andoni Gorostidi. Eskerrak berak jantzita zituela! Une hartan, berari galdetu nion: “Andoni, hau nola kristo jartzea? Ta goma hau nun lotu behar da?” Berari esker dantzari sentitu nintzen egun osorako, eta ez nituen une batez ere borla horiek erantzi. Eskerrik asko Andoni!
Bertsotan ere afizionatua zara, nik gaia emango dizut eta zuk osatu. Gaia: Taldekide berri bat sartu da Udaberrin eta taldearen nondik norakoak azaldu behar dizkiozu zertxobait galduta baitabil.
Hau zer da tranparen bat? Jajajaja…bueno ba lehen esan dudan bezala, bertsozalea ere banaiz, eta ahal dudanean behintzat, bertsolaria ere bai. Hala ere, gaia zertxobait aldatu nahiko nuke, taldeak nola funtzionatzen duen lehen ere askotan aipatu dugulako eta beraz, taldekide baten hastapenen historia hitz gutxitan azaltzen saiatuko naiz. Zuretzako “DeJes”!
Ibarrako gazte festak
ta klaseko afaria
Aitor ondon eserita
baita Xabi dantzaria
udarako bidai hartan
helmuga zen Hungaria
eta mutil baten falta
orduan hizketaldia.
Alkolaren eraginez
Azkok baiezko garbia
dantzak ikasteko aldiz
denbora tarte urria
zer diren gauzak lehen zen
aulkiko jokalaria
egun “titular” omen da
ta laster “kapi” handia.
Doinua: Partiada tristea Ternuarat (Karidadeko Benta)