top of page

ezagutu ezazu hobeto...

Iñaki Odriozola

Kaixo, ni Iñaki Odriozola naiz, izatez eta bizitzez tolosarra. Aurten, Telekomunikazioen ingeniaritzako bigarren urtea egiten ari naiz (saiatzen naiz behintzat) Arrasaten, eta mundu horrekin zerikusia duen oro gustatzen zait. Taldeko tronpeta jolea naiz eta egungo fanfarreko arduraduna.

Nork eta nola engainatu zintuen taldean sartzeko?

Duela bi urte inguru Eneko Hartsuagak whatsapp bat bidali zidan, “Hi udaran libre al hao”, nik momentuan nahastu egin zela pentsatu nuen, izan ere, ordura arte ez nuen ia inoiz berarekin hitz egin. Nik baietz esan nion eta berak dena azaldu zidan, fanfarre bat osatu nahi zutela bidai baterako eta tronpeta bat behar zutenez niri proposatu zidan. Beraz, esan daiteke Enekok fanfarrearen indarberritze prozesuan egindako fitxaketa horietako baten emaitza naizela.

Hungaria izan zenuen taldean sartzeko aitzakia, zein oroitzapen dituzu bidaia hartaz?

Bidai hartaz oroitzapen onak besterik ez zaizkit etortzen burura. Esan beharra daukat, hasiera batean bidaia baino lehenago sortu zitzaizkidan zalantzak azkar batean joan zitzaizkidala, izan ere segituan sentitu nintzen taldeko partaide. Nahiz eta ez nuen taldeko jende asko ezagutzen, pixkanaka-pixkanaka bidaian zehar taldekideak ezagutzeko aukera izan nuen eta berehala  taldeko beste bat gehiago nintzela sentitu nuen.

Txikitatik taldea ezagutu ez duen asko harritu izan ditu kudeaketa ere gure gain hartzen dugula jakiteak. Zer iruditu zitzaizun dantzarekin batera bestelako ardurak hartu beharra?

Hungariako bidaiatik bueltatzean taldean sartu eta ardura bat hartzeko gonbidapena luzatu zidaten eta inolako zalantzarik gabe baiezkoa eman nuen. Taldeko ardura ezberdinak guztion artean banatzea ideia ona iruditzen zait, izan ere, nahi adina lan dago egiteko eta horiek denen artean banatuta askozaz ere probetxu handiagoa atera daitekeela pentsatzen dut. Hortaz, talde handia garenez eta egiteko asko daudenez, antolamendu gisa ona iruditzen zait eginbeharrak eta ardurak denen artean banatzea.

Zure kasuan, gainera, nahiko aldakorra izan da karguen banaketa. Lehen urtean, materialaren sailean; bigarrenean, sare sozialen arduradun; eta aurten, berriz, fanfarrearen gidari. Erraza al da ardura guzti hauek ongi kudeatzea?

Bai zuk esan bezala hiru talde ezberdinetatik igaro naiz orain arte eta egia esan denetan aritu naiz gustura. Bakoitzean kargu desberdinak izan ditut eta horrela talde guztiek era desberdinean funtzionatzen dutela ikusi dut.  Talde bakoitzak bere funtzionamendua du, hortaz zaila edo erraza den baino gehiago, taldea eramaten jakin beharra dagoela iruditzen zait.

Zutaz gain, adin bereko beste bost taldekide ere bazaudete Udaberrin, eta gainera, guztiak mutilak. 1996a, beraz, urte oparoa dela esan daiteke.

Bai, bai, 96ko urtea zentzu horretan oparoa dela esan genezake. Oker ez banago gaur egun taldekide gehien dituen bigarren urtea da eta zuk esan bezala denak “udapitoak” gara jajajaja.

Nahiz eta taldean sartu zinenetik urte pare bat besterik ez igaro, esan daiteke ederki asko egokitu zarela taldera. Erraza izan al da prozesu hori? Zergatik?

Esan bezala, duela bi urte inguru sartu nintzen Udaberrin eta taldearekin izan nuen lehen kontaktua izugarria izan zen. Sartzea ez da batere zaila izan, lagun koadrila sendo bat osatzen baitugu denen artean, bakoitzak buruan duen bere harriarekin. Egia jakin nahi baduzue afariek zein parrandek ere ederki asko lagundu didate taldera egokitzen jjajaja.

Nik uste dut kanpotik ikusten dena hori dela, beti parrandan edota afariak egiten gabiltzala baina horretarako ezkutuan egiten dugun lana ez dela baloratzen iruditzen zait. Egia da bai, asteburu bat bai, bestea ez Udaberrirekin zerikusia duen zerbait dugula baina horretarako lana ere egin behar da. Bestalde, esan genezake denek erabiltzen dugula edozein aitzakia afari edo parranda on bat botatzeko eta niri behintzat hori ez zait txarra iruditzen. Nik gurasoei beti esaten diedan bezala tabernak itxitakoan erretiratzen naiz, goizen goiz, beraz nondik begiratzen ari zaren arabera goiz erretiratzen naizela ere esan daiteke jajjajaj.

Afari eta parrandak aipatu dituzu... Egia al da taldean edozein aitzakia baliatzen dela parranda on bat botatzeko? Horretaz gain, txoritxo batek esan digunez, etxera azkar erretiratzen ez denetako bat omen zara…

Zuk ere izango duzu kontatzeko anekdotarik…

Bi urte hauetan zehar milaka eta milaka anekdota bizi izan ditut taldean, denak desberdinak eta bakoitza bere istorioarekin. Baina bat kontatzekotan fanfarrearekin dantzarien entseguetara lehen aldiz joan ginenekoa kontatuko dut. JLVk fanfarrearen txanda iritsi zela erabaki zuenean jotzen hasi eta segituan, hartu eta tronpetarekin urrutirago joateko agindu zidan. Antza denez “traste” hori gehiegi entzuten zen. Iaia ping-pong-ekoekin jarri ninduen entseatzen gainontzeko musikariak beste puntan zeuden bitartean jajajaja. Pixkanaka besteengana gerturatzen hasi nintzen eta gaur egun gainontzekoekin batera jotzen dut jajaja.

 

Amaitzeko, 60. Urteurrena gainean dugun honetan, nola sentitzen da Iñaki talde honetako partaide izateaz?

Harro, oso harro!! Sekulako poza ematen du taldea ondo dagoela eta hemendik aurrerakoak ere itxura bera duela ikusteak. Bere garaian momentu txarrak igaro bazituen ere, gaur egun duen indarra izugarria da, horrek gauzak ondo egin direla adierazten du. Ikusi besterik ez dago astero-astero ikastaroetan aritzen diren haur, gazte eta helduen kopurua. Inpresio pixka bat ere ematen du 60 urte betetzeak, izan ere, ez da broma horrelako talde bat horrenbeste urte eta gero gaur egun bezain indartsu, gogotsu eta sendo mantentzea.

bottom of page