ezagutu ezazu hobeto...

Kaixo! Iñigo Irurzun naiz, 19 urteko gazte tolosarra. Lehen hezkuntza ikasten ari den saltseroa naiz ni,
perrexila bezala, mila saltsetan sartuta dagoena!!
Iñigo Irurzun
Noiz sartu zinen Udaberrin? Nolakoa izan zen hasiera
Aurreko udaran Hungariara egindako bidaian parte hartu ondoren, taldean sartzeko aukera luzatu
zidaten. Bidaia baino lehenago sortu zitzaizkidan zalantzak segituan joan zitzaizkidan Europa aldetik pasa genituen 13 egun horiek pasa eta gero. Beraz, inolako zalantzarik gabe onartu nuen Udaberrin jarraitzeko gonbidapena. Hasiera bikaina izan zen, segituan sentitu nintzen taldeko partaide. Handik gaur arte ez da ia ezer aldatu, taldeko giroa ikaragarria da!
Zer da Udaberri zuretzat?
Udaberri? Udararekin batera urteko urtaro politena! Jajaja Jende askok esaten du hau “sekta” moduko
bat dela, talderako bakarrik bizi garela… Egia da Udaberriri asteko zenbait ordu eskaini behar zaizkiola, nire kasuan, beste hainbat talderi eskaintzen dizkiodan orduen antzera. Lanerako baino, beste mila kontutarako biltzen gara, parrandarako, mendira joateko, kafetxo bat hartzeko, pelikularen bat ikusteko… Dantza taldea lagun talde bezala erabiltzen dutenak sektarioak badira, talde honetaz harro dagoen sektarioa naiz ni!! Jajajajja.
Kaxarranka gustuko duzula esan digute, zergatik?
Udaberrin sartu eta lehenengo entseguan kaxarranka ezagutzeko aukera izan nuen. Musika ederra, dantza ikusgarria… Kontatu ez zidatena zera izan zen, kutxa handi hori eutsi behar zutenetako bat ni nintzela… jajajajaj. Hasieran muturtuta aritu nintzen arren, amaierarako gustua hartu diodala aitortu beharra daukat! Altuera desberdinak ditugula eta, azpian jartzen garenak urduri xamar ibili ohi gara emanaldietan, kaxarranka zuzen jartzeko saiakerak eginez. Dantzaren ikusgarritasuna handia da, baino azpikoek kaxa honen inguruan egin ditugun bromak ez dira atzean geratzen jajajaja.
Zein da euskal dantzako doinuetatik gehien gustatzen zaizuna?
Nahiz eta asko ezagutzeko aukerarik ez izan oraindik, agian luzaideko doinuak aukeratuko nituzke. Doinu alaiak eta biziak dira eta fanfarrerako moldaketak bikainak ditu. Beste doinu gustuko bat Donibane fandangoaren doinua da, niretzat, fanfarrearekin jotzen dugun kanta politenetako bat.
Kontatu Udaberrirekin izan duzun anekdotaren bat
Urtebetean bakarrik mila anekdota bizi izan ditut Udaberrin. Asko beste taldekideek azaldu dituzte atal honetan. Ni, Hungariako bigarren edo hirugarren emanaldiko anekdotarekin geratzen naiz. Emanaldirako prestatu, eta soinu froga egitera abiatu ginen musikariak. Oholtzarik gabeko leku ireki batean egin behar genuen emanaldia eta 9 musikoentzat 3 mikrofono besterik ez zeuden. Ez dakit zer izan zan, nekea, hego haizea… mikrofonoa hartu eta tontakeriak esateari ekin genion. Soinu proba beharrean barre eta algaraz jositako momentu bat igaro genuen. Barrezka, malkoak begietan… mundiala! (Emanaldia hasi baino lehen gerturatu ziren guztiek ez zuten ezer ere ulertzen… jajaj)
Musikarien sailekoa izanik nola ikusten duzu taldea musikalki?
Milaka dantza bezala, milaka partitura, doinu eta moldaketa daude. Artxiboa ireki eta ari gara pixkanaka bertako partiturei hautsa kentzen. Orain arte, normala den bezala, dantzariek egiten dituzten dantzak soilik ikasten genituen. Aurten, fanfarreko bigarren urtea izanik, lehen egiten genuen lanarekin jarraitu eta errepertorio berria ikasteari ekingo diogu, kalera irteten garenetan musikariek doinu anitzak ezagutzen ditugula eta jotzeko prest gaudela erakusteko asmotan. Pixkanaka, bagoaz.
Azkenaldi honetan dantzan ere hasi zarela esan digute, nola ikusten duzu zure burua dantzari gisa?
Beti izan dut arantza hori sartuta. Herriko festetan erromeria. Ni dantza eremua baino 4 lerro atzerago begira. Ikaragarrizko inbidia ematen zidan. Udaberrin sartu eta hare eta inbidia handiagoa (lau bost izaten gara dantza egin beharrean begira geratzen garenak, Jajaj). Beraz, helduen ikastaroetan izena ematea erabaki nuen. Oso ondo pasatzen dut ikastaroetan, sekulako giroa dago. Pixkanaka hasi naiz oinak behar bezala mugitzen jajajajajaj. Ikastaroa lotsak alde batera uzteko leku egokia dela uste dut. Beraz, euskal dantzak ikasteko gogoa duen edonor, nik bezala, plazetako laugarren lerroa utzi eta fandangoa ikasteko erronka onartzera gonbidatzen dut.