ezagutu ezazu hobeto...

21 urteko gazte tolosarra naiz eta biologia ikaslea. Naturazalea, mendian ibiltzea gustuko duena eta euskal kulturaren maitalea. Aspaldi ohartu nintzen irribarre batek bizitzan izan dezakeen garrantziaz.
Aitor Agirresarobe
Nork eta nola engainatu zintuen gure taldean sartzeko?
Ikastolako festa batean ginela erromeria talde bat ari zen kontzertutxoa eskaintzen eta sekulako inbidiaz begiratzen nien fandangoa eta arin-arina dantzatzen zutenei. Nik saiakera egiten nuen baina ezin. Denbora bazen kuadrillako lagun bat, Eneko Hartsuaga bera, dantzan has nendin pelmada sartzen ari zitzaidala eta egun hartan konbentzitu egin ninduen. Esan dezaket beraz berari esker hasi nintzela dantzak ikasten. Mutil taldetxo batean, Joxeren mutilen taldean, hasi nintzen dantzan eta hortik iritsi zitzaidan taldean sartzeko aukera. Taldeak Hungariarako bidaiara joatea eskaini zidan, Lapurdiko dantzak ikasi, nolabait jajajaj, eta hantxe joan nintzen nire alpargata berriak eskuan eta esperientzia berriak bizitzeko irrikaz. Horrela hasi zen nire ibilbidea.
Nahiko heldutan sartutako kidea zara, ba al zenuen lehendik dantzarako senik?
Egia esan txikitatik gustatu izan zait dantza egitea, musika entzun eta gorputza mugitzea betidanik izan dut gustuko nahiz eta momentu askotan lotsa apurrak gogo hori ezkutatu izan didan. Anekdota bezala, gaztetxoagoa nintzela, ezagutzen ninduten helduek dantzan ikusten nindutenean, iñauterietan edo bestelako festetan esaterako, gogoan dut nola nire amari aipatzen zioten dantzan ikusi nindutela eta dudarik gabe haren semea nintzela. Badirudi amrengandik jaso dudala afizio hori.
Txikitatik taldea ezagutu ez duen asko harritu izan ditu kudeaketa ere gure gain hartzen dugula jakiteak. Zer iruditu zitzaizun dantzarekin batera bestelako ardurak hartu beharra?
Udaberriren kudeaketa gazteok dugun potentziala islatzen duen adibide garbi bat dela iruditzen zait, dugun gaitasuna, ilusio eta gogoaren isla. Horrelako proiektu eta talde bat aurrera ateratzeko zeregin ugari dago eta benetan beharrezkoa ikusten dut dantzaz gain beste ardurak izatea. Gainera, Udaberri, dantza talde bat baino gehiago da eta dantzaz gain burutzen diren ekintzak burutzeko elkarlana ezinbestekoa da. Bestalde, ardura ezberdinak izateak taldean integratzen eta inplikatzen laguntzen du eta hori talde baterako oso lagungarria eta aberasgarria dela uste dut.
Dakizunez mutil falta da gurea bezalako taldeen gaitzetako bat. Sendabiderik badu?
Mutil gazteek euskal dantzekiko duten ikuspuntua aldatu beharra dagoela uste dut. Txikiak garenean mutillek maiz dantzak nesken kontu bezala ikusten ditugu eta hori aldatu beharra dago. Nire ustez mutilei, orokorrean, haientzat erakargarriagoak diren dantzak helarazi behar dizkiegu eta horien artean materialarekin loturikoak iruditzen zaizkit egokienak. Bestalde, askotan pentsatu izan dut euskal dantzak hezkuntza zentroetan erakustea, soinketako orduetan adibidez, ideaia oso ona litzatekela dantzaren ikuspegi normalizatuago bat zabalduko litzatekeelako haurrengan eta dantzari kopuruak gora egingo lukeela uste dut, betiere nire iritzi xumean oinarrituta.
Euskal dantza tradizionalaz gain bestelako dantza pausoak egiten ere trebea omen zara...
Ez naiz kontu horietan sartuko jajajaj! Trebetasun hori erlatiboa dela iruditzen zait. Lagunek eta parrandakide izan ditudanek uste dut hobeto erantzungo diotela galdera horri. Beraien eskuetan geratzen da beraz erantzuna, jakinmina duenak badaki nori galdetu jajajja
Batzuk familian inbaditu dute taldea, zuek berriz koadrilan.
Poztekoa da koadrilan zaletasun antzekoa duten lagunak izatea, azken finean gure arteko erlazioa mantentzen eta sendotzen laguntzen duelako horrek. Kanpoan ikasteak elkarrekiko dugun kontaktua mugatu egiten du eta talde bateko partaide izatean errazagoa izaten da biltzea. Taldean egin beharrekoak maiz elkartzeko aitzakia bilakatzen dira eta pozten naiz hala izateaz. Gainera, euskal kulturaren defentsa horretan gertuko bidelagunak izateak indar handia ematen du lanean jarraitzeko.
Hungaria izan zenuen taldean sartzeko aitzakia, zein oroitzapen dituzu bidaia hartaz?
Oroitzapen onak besterik ez. Bizitza osoan gogoratzeko esperientzia horietako bat izan zen niretzat. Urduritasun pixkat bat izan nuen joan aurretik, alde batetik taldekide askorekin ez nuelako ordura arte harreman handirik izan eta bestetik bidaiaren ezaugarriengatik, autobusean lo egin beharra, Hungariaraino joatea eta abar. Urduritasunak, ordea, egun bat ere ez zuen iraun eta hori taldekideei esker izan zen. Esan beharra dut harritu egin ninduela taldean zegoen giro paregabeak eta bidaia ahaztezina izan zedin ezinbestekoa izan zen. Bidaiaren ezaugarri bat aipatu behar banu taldekideen artean zegoen giroa izango litzateke.
Kanpoan ikasi arren ez duzu taldea utzi, nola moldatzen zara?
Astean zehar kanpoan izateak asko mugatzen du nire parte-hartzea eta nire kasuan dantzan egiteko eta ikasten jarraitzeko aukera asko mugatzen zait. Zoritxarrez gustatuko litzaidakeena baino denbora gutxiago eskaintzen diot dantzari eta askotan zaila da hori barneratzea. Hala ere ez dut inoiz ilusio hori galdu, taldekideek ere izan dute horretan zerikusia, eta ahal dudan guztietan ekiten diot lanari. Hori dela eta taldeak antolatzen dituen bestelako ekintzetan parte hartzeko aukerak ez galtzen saiatzen naiz. Ardurari dagokionez, asteburuetan eta jai egunetan zentratzen naiz normalean egin beharretan.
Elkarrizketa hauetan ohitura bihurtu da anekdota batekin bukatzea. Zer duzu kontatzeko?
Aski ezaguna da, erromeria egunean patatak errioxar erara izaten direla afaltzeko eta ez dakit bakarren batek, taldekideez gain, inoiz pentsatu duen nork zuritzen ote dituen hainbeste patata. Nire erromeriako lehen betebeharra patatak zuritzea izan zen eta Lizardin agertu nintzen lasai asko patatak ikusi nituen arte. Gainera zera galtzea otu zitzaidan: “Ez al dago pelapatatasik?” Esku bat buruan jartzear egon nintzen ez bainuen sekula patata bat labana batekin zuritu eta gainera hainbeste ikusita larritu egin nintzen. Hala ere, esan behar dut geroztik ez dudala sekula pelapatatasik erabili patata bat zuritzeko.